Archivos para 11 mayo 2016

Hirigintza eta Zerbitzuak. “Herrittarren iritziarekin bat egiten dugu: herriko paretak inoiz baino zikinago da ude” (Kontzejupetik-maiatza)

Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idaztea da gobernu taldearen helburuetako bat agintaldi honetan. Nola ikusten duzue?

2000. urtean Estrategi Plan bat burutu zuen Udalak, arlo ezberdinetako (enpresa, nekazaritza, hezkuntza, pertsona nagusiak, ezinduak, gazteak…) eragileekin batera, eta hango ondorioekin onartu ziren Arau Subsidiarioak 2006an, herri antolamendurako baliogarriak izan direnak. 10 urte pasa ondoren, egokia da berraztertze prozesu bat martxan jartzea.

Hirigintza arloan hainbat obra (Atzeko Kale, Zubillaga, Etxaluze eta Olakuako jolas parkeak…) egiteko asmoa du Udalak. Nola ikusten dituzu?
Herritarren beharrei erantzun eta Oñati herri ibilgarria egingo duten obrak begi onez ikusten ditugu, eta jasota daude gure programan. Hori bai, ondo planifikatuta, lehentasunak ondo aztertuta eta baliabide ekonomikoak posible egiten duten neurrian beti ere, udal kontuak hipotekatu gabe egiten direnean. Bestalde, herritarren iritziarekin bat egiten dugu esaten dutenean herriko paretak inoiz baino zikinago daudela. Penagarria da Oñatiko gune historiko ederra pintadaz beteta, zikina eta desitxuratua ikustea. Herriak ematen duen irudia ez da etorkizunerako eredua.

Zerbitzuen arloan, ez duzue begi onez ikusten kale garbiketa zerbitzua udalak bere gain hartzea. Zergatik?
Udal Gobernuak esan du, kale-garbiketa zerbitzua udalak bere gain hartzearen arrazoi nagusia FCC k eman duen zerbitzuaren kalitate eskasa izan dela, baina guk uste dugu Udalak kontratu hau ez duela ondo kudeatu. Badaude arauak eta mekanismoak zerbitzuaren kalitatea eta baldintzak betearazteko. Baina kasu honetan, kudeaketa ezaren ondorioz, erabaki politiko batek 10 lanpostu arriskuan jarri ditu eta horrekin ezin gara ados egon inondik inora.

EAJk 2009an bultzatu zuen Lanbus zerbitzua kendu du orain gobernu taldeak, eta Herribus zerbitzua abian jartzeko aukerak aztertzen ari da. Auzo-taxia ere jarri du.
HERRIBUS eta LANDABUS (BILDUk auxo-taxia deitzen duena), zerbitzuak EAJren agintaldiko proposamenak dira, udal gobernuak bere aurrekontuetan onartu dituenak. Gu bat gatoz bi zerbitzuak martxan jartzearekin baina ondo aztertu eta dimentsionatuta. LANBUS apustu sendoa izan zen eta ordezko zerbitzurik martxan jarri gabe, kentzearekin ez gaude ados.

JON KEPA GERRIKAGOITIA
EAJko zinegotzi ordezkaria Hirigintza batzordean

Deja un comentario